XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gure kultur historiaren zaleon pozetarako, berrikitan behin eta berriz kaleratu dira hainbat euskal autoreren idazlan guztiak.

Are estimagarriagoa da argitaletxeen ahalegin hori orain urte batzuk bestelakorik gertatu bada ere , azken edizio hauek ez baitiote inori apenas dirurik ekarri.

Besteak beste, bost liburuki mardulean datorren Orixe-ren obra oso honek badu tamainaz, eta kalitatez ere berezitasunik franko, hemen, RIEV/RIEBn alegia, lehenbaitlehen ohar bat bederen eskain diezaiogun.

Barka biezagu irakurleak lehen oharkizun ez hain goitar bat: bost liburukitan 5.344 orrialde ematen ditu argitalpenak, gehienetan testu trinkoan eta baita oso trinkoan ere.

Norbaitek idatzi du, alajainetan!

Lehenik, Orixe-k, noski, baina baita haren obraren gain lan egin dutenek ere.

Izan ere, Idazlan guztiak honen ezaugarrietako bat horixe baita: autore bilduaren lanak dakartza, baina horiekin batera baita idazle hari eta beraren idazlanei buruz burutu diren ikerlan eta azterlanak ere.

Aberastasun bikoitza du, beraz, edizio honek.

Orixe-ren beraren obra lehenengo hiru liburukietan bildu da: I. Sorkuntzazkoak. II. Itzulpenak. III. Artikulu eta saiakerak.

Orexatarraren lana gutxi-asko ezagutzen genuenontzat ere, mundu berri bat agertu da orain, hirugarren liburuki horrekin batipat.

Ez gaude, beraz, lehenagotik egindako Orixe-ren argitalpen osoen maila berean, haiek, besterik gabe, zerbait hobetu eta osatuz alegia.

Lehen liburukiak Orixe-ren prosa eta poesia jaso ditu: Barne-Muinetan (1934), Euskaldunak (1935/1950), baina baita sakabanaturik zebiltzan olerkiak ere; gaztelaniazko itzulpen eta guzti dator poesia hau (600en bat orrialde).

Hitz-lauzkoak ere hor datoz: Santa Kruz apaiza (1929), Quito'n arrebarekin (1950-1954) eta hilondoko Jainkoaren billa (1971), etab.

Denok gogoratzen dugunez, emankorra izan genuen Orixe, ez jatorrizko bere idazlanetan bakarrik, baita inorenak itzultzen ere.

Gure itzultzaile handi eta berezienetakoa izan genuen bera.

Lekukotzat, ez dago ikusi besterik: Mireio (prosa poetikoz emana, 1930), Tormes'ko Itsumutilla (1929) edo Agustin Gurenaren Aitorkizunak (1956), Urte guziko Meza-Bezperak (1950: edizio honetatik kanpo geratu dena), etab.

Orixe-ren itzulpenak zinezko sorkariak ziren, jatorrizkotik euskarara birsortuak: holakoetan hizkuntza eta eskuak guztiz libreak zituen gure Orixe-k.

Hain libreak ezen gai izan zen bertsoen neurrietara lotuz ere itzultzeko.

Hemen dago orain haren sormenaren ondarea, itzulpen-lanetarako eredu hautagarri bezala.

Hirugarren liburukiak kasik ustegabean harrapatu gaitu: berreskuratu diren ehundaka artikulu hauek, berritasunez beteta ageri zaizkigu eta idazlearen aurpegi-alde ezezagun edo oso gutxi ezagun bat eskaintzen digute.

Denetik dago ia laurehun artikulutako bilduma honetan: (...).